Monday 7 January 2008

W.H. Auden, Felipe Juaristi eta bizitza

Bilboko zimaurtegian
lore bat
aurkitu nuen
(Arestik, Harri eta Herri)

Pasa den larunbatean Vocento enpresako egunkari batean Felipe Juaristiren artikulua aurkitu nuen: Poesia eta egia. Lore bat basamortuan. Besteak beste, ondokoa irakur daiteke bertan: Audenen hitzak ditut buruan: “Badira poema onak eta poema berezko eta bereizgarriak. Badira egiazko poemak, egiarekin zerikusi zuzena dutenak, egia alde batetik bestera jotzen dutenak”. Auden, uste apala baino ez da, bizitzaz ari da egiaz ari denean. Poeta batentzat bizi izandakoa da egia, bizi izandakoa beti egiazkoa ez bada ere.

Ederra bada ere artikulua, ez nukeen hona ekarriko egun horretan bertan ez banu “Lejos de ella” filma ikusi. Filmean (Sara Polley zuzendari gaztearena, Alzheimer gaixotasunak dakarren oinazeaz) Auden-en Letters from Iceland liburutik ateratako pasarteak aipatzen dira behin eta berriz. "Ez jaiotzea izango litzateke hoberena. Dantza egizu ahal duzun bitartean. Dantza egizu zerraldo erori arte". Ez dakigulako nola aterako zaizkigun gauzak eta batzuetan zoriontsua izateko erabakia hartu behar delako. Beti geratzen omen da denbora norbera izan ahal izan zena, orain izateko eta, agian, garaiz egindako aldaketak bizitza oso bat argi dezake edo, bederen, haren amaiera.

Eremu latz honetan, egun berean bi lore berdintsu aurkitzea ez al da susmagarria?
Algo que no se nombra con la palabra azar rige estas cosas Borges-ek zioen.

No comments:

Locations of visitors to this page