Thursday 25 September 2008

Itaka, Euskal herria eta auto-bonbak

Kavafisek zioen:

Itakara itzultzeko bidaian abiatzen zarenean,
egizu otoitz bidea luze izan dadin,
menturez betea, ezagutzez betea.
Lestrigoiei eta Ziklopeei,
eta Poseidon hiratuari ez iezaiezu beldur izan...

... Zeure adimenduan ukan ezazu Itaka beti.
horrainoko etorrera da zure jomuga.
Baina ez ezazu presaka zeure bidaia bat ere.
Hobe da anitz urte eder dirauela;

Egizu otoitz bidea luze izan dadin….
Egizu otoitz bidea luze izan dadin….
Egizu otoitz bidea luze izan dadin…. (1)



Pazientziarik eza, ezinegona, amaitzeko gogo jasanezina… umeen jokabideak dira, gure herrikide batzuek, agian askok, dituztenak. Etorkizuneko herriminez zauriturik daudela dirudi.
Denok daukagu Euskal herri ideala gure gogoan baina helburu lortezina horren bideaz gozatu nahi dugu, utopia horretaranzko bideaz. Ez dugu ume-irudimenez asmaturiko lestrigoirik edo zikloperik behar.
Utz nazazue bideaz gozatzea!! Zoazte pikutara!!

(1) Esaldiaren hirukoizketa ez da Kavafisen edo Andolin Eguzkitzaren itzulpenarena, nirea baizik.

Thursday 18 September 2008

Etxe batek naduka

“Etxe batek naduka
zor luze bati
loturik,
hamar urte eta egun bateko gartzela...”


Aresti, gure Aresti oroitua, labur geratu zen. Orain BBK-k, Kutxak eta halakoek 50 urteko zigorra proposatzen digute alaiki. Hori da Euskal Erkidegoko ekonomiaren benetako motorea: gure menpekotasuna banku eta kutxekin.

Tuesday 16 September 2008

Zulo beltza


LHCa zela eta ez zela, denok kezkaturik geunden Suitza eta Frantziaren artean sortuko zen zulo beltzaz. Azkenean guztiok irentsiko gaituen zuloa AEBetan agertu da. Eta hori ez da demokratikoa izango fisikariek sortzear dauden bezalakoa. Horrek banku handiak jango ditu, baina ez bankariak, horrek betiko galtzaileen ekonomiak eta lanpostuak jango ditu.

Locations of visitors to this page