Friday 18 January 2008

Jokin Muñoz

Ederto, Jokin Muñoz, eskerrik asko zure Antzararen bidea nobela dastatzeko aukera emateagatik. Landua, sakona, sentikorra, ederra, bikaina...

Halakorik irakurri badut ere, ez nuke esango euskal gatazkari buruzko nobela denik. Askoz gehiago aurkitu ahal dugu lan honetan, istorio orokorrago bat, galtzaileei buruzko narrazio bat.

Agian Gerra Zibilen kontuek beti melankoliara eraman nautelako, ez naiz gehiegi alderdi literario horietatik ibili. Arturo Barea-ren La forja de un Rebelde trilogiako La llama liburua datorkit burura. Urteak dira irakurri nuenetik eta oraindik hotzikarak darabilzkit bizkarrezurrean Barea-k nola deskribatzen duen garai hartako zenbait une gogoratzean. Bat aipatzekotan, Madrileko Plaza del Sol-eko(?) militante ezkertiarren berezko kontzentrazioarena aukeratuko nuke: Estatu-kolpe faxista gertatu bezain pronto biltzen hasten dira Errepublikako agintariei armak eskatzen...alferrik.
Muñoz-en liburuan halako uneak ere bizi daitezke. Horietako bat altxamendu faxistaren ondorengo gaueko itxaronaldi urduria Erriberako herrian da: zalantzak, damuak, tentsioa... Gutxitan izan dut aukera halako sentimenduetan murgiltzeko euskaraz.

Baina ez da Gerra Zibilaren tratamendua soilik nobela honetan erakargarria dena, arlo askotako liburua baita. Pentsa dezagun, adibidez, itsasoaren metaforaren etengabeko erabilpenean: Donostiako itsaso urdina, Igorren errautsen hilobi, Erriberako galburuen itsaso horia, Dionirenen hobi, Sorollaren margoaren erabilpena, Albertiren Marinela lehorrean liburuarena....Gorulari trebe baten lan bikaina.

Beste hildo bati lotzeagatik, liburuak sentsibilitate handiko pasarteak badituela ere esan behar da: protagonista baten homosexualitatea errebelatzen duena, paisaien deskribapenak ...

Beñat Sarasolaren Trilluelosko itsasoak artikuluarekin bat nator neurri handian: nobela errealista , azkeneraino intriga mantentzen duena... Halere ez dut ulertzen literatura-kritikari honen zenbait komentario: “...galdera ugari geratzen dira erantzuteke, nobelaren gertakizunei dagozkienak zein giza kondizioari dagozkienak...”(??) edo “Nire zalantza da emaitza bikain honen ondotik orain arteko bidea agortu ez ote zaion, nahiz eta hala izatekotan ere, gaitzerdi."
Nire ustez nahikoa itxi geratzen da nobela, hori meritu bat, berez, ez bada ere. Haatik, gehien harritu nauena bigarren baieztapena izan da, bidea agortuarena. Lan bikain hau burutu ondoren Jokin Muñozek bideak, guztiak, erabat zabalik ditu irakurleei gozarazteko berriro.

No comments:

Locations of visitors to this page