Tuesday, 8 April 2008

Maurice Ravel versus Inazio Loiolakoa


Nemesiok idazten dit Inazio Loiolakoa ez dela euskaldunik unibertsalena –nik beheko sarreran diodan bezala- esateko.
Nemesiok aurpegiratzen diti nire biktimismo antiklerikalak bultzatzen nauela honelako baieztapenak esatera: apaizak nagusi gure herri latz honetan, gure kultur munduko pertsonaiarik inportanteenak apaiztegitik pasatu direla, Inazio Loiolakoa etab...
Azken pertsonaia hau ez da, Nemesioren ustez, euskaldunik ospetsuena (berak euskal hiritar kontzeptua erabiltzen du). Haren teoriaren arabera Google-ren bidez ebatzi ahal dira era objetiboz halako eztabaidak: “Sar ditzagun bilatzaile global honetan gogora datozkigun izenak (erdaraz, jakinai, unibertsalitate kontuarengatik) eta idatz ditzagun sarrera kopuruak”. Ondoko emaitzak lortzen omen dira:

Maurice Ravel 1.500.000 sarrera
Ignacio de Loyola 720.000
Miguel Unamuno 600.000
Pío Baroja 475.000
Juan Sebastián Elcano 400.000
Miguel Indurain 300.000
Dolores Ibarruri 150.000
Blas de Otero 126.000
Sancho el Fuerte 81.000
Gabriel Aresti 76.000
Bernardo Atxaga 75.000
Axular 55.000
Duque de Ahumada 33.000
Mikel Laboa 30.000
Jose Antonio Aguirre 20.000

Harriturik geratu naiz hain zerrenda heterogeneoren aurrean: Ravel, Sancho el Fuerte, Indurain, Unamuno? Ba ote dira (ziren) hauek euskaldunak, euskal hiritarrak, baskoak…? Egia da horiek guztiak Athletic-en jolasteko baldintzak betetzen dituztela baina…zer dira? Zer gara? Nahi dutena? Nahi duguna? Hain dira zailak herri honen kontuak!

Norberak kontuak atera ditzala. Ni baten baten faltaz konturatu naiz baina zerrenda honen arabera, Maurice Ravel musikari lapurtarrak euskal hiritarrik ezagunena izateko ohorea kentzen dio Inazio Loiolakoari. Gaitz erdi!.

Musikari bikain honi buruzko informazio luzea dugu Wikipedian. Hala ere, beti bezala, arlo honetan (informazio-arloan) gerra galtzen ari gara ere, ondoko orrian salatzen denez.

Aitzaki ona Apirilaren 27an Euskalduna Jauregira hurbiltzeko eta burutuko den ekitaldiaz gozatzeko: Ravelen “Boleroa” eta Rimsky Korsakoven “Kapritxo espainiarra” eta “Sheherezade”

"Volodymyr Sheikok zuzendutako Moskuko Orkestra Sinfoniko Estatalaren kontzertu bikain hau apirilaren 27an entzun ahal izango da Euskalduna Jauregiko Auditorioan. Bikaintasun orkestralaren jai handi honetan Maurice Ravelen "Boleroa" eta Rimsky Korsakoven bi lan ezagunenak, "Kapritxo espainiarra" eta "Sheherezade", entzungo dira.
Kontzertua 19:30ean izango da, eta sarrerek 30 eta 38 euro bitarteko prezioak izango dituzte. Sarrerak telefonoz lor daitezke, 944 310 310 zenbakiaren bitartez, edo, bestela, Euskalduna Jauregiko txartel-leihatiletan, BBKren orotariko kutxazainetan edo Internet bidez.
"Boleroa" historian zehar egile-eskubide gehien bildu dituen konposizio frantziarra da. 1928an estreinatu zen Parisko Operan, eta orkestra-birtuosismoaren ariketa bikaina da. Interes handiena Ravelek instrumentu desberdinak konbinatzeko erabilitako eran datza, hasierako pianissimo finetik hasi eta amaierako eztanda barroko eta indartsuraino."
Koadroan: Ida Rubenstein, Ravelen laguna eta Bolero-ren inspiratzailea (Valentin Serov)

No comments:

Locations of visitors to this page