Saturday 8 December 2007

Zorrotza


Gaur Zorrotzaurretik paseatzeko aukera izan dugu, Bilbo berria eraikiko den gunetik. Hona ez da heldu oraindik hiriaren berriztapena, auzoa itxaroten ari da uzkurtuta, inbidiaz begira aurreko Olabeagako etxe koloretsuei. Baina, inbidia sanoz, ezkerralde hori baino gehiago izateko itxaropenez.
Zorrotzako esperantzak urriagoak dira aldiz. Hor dirau harro bere kaiak Bilbo industria hiri ahalguztiduna zeneko lekuko tristea. Txatarra deskargatzen ari zen merkantzia-ontzi errusiar bat Inmaculada-ren egun honetan (inoiz ez zait berez aterako halako Sortzez Garbi Eguna erabiltzea)
Gilen eta Anton erretiroan egongo dira jadanik. Hala ere, nahiz eta gaurko langileak ez izan euskaldunak eta kasteilanoak, errusiarrak, errumaniarrak edota senegaldarrak baizik, ni, Arestiren antzera, beti paratuko naiz gizonaren alde . Egunen batean esaldi horrek zer esan nahi duen argitzeko aukera izango dut. Bitartean entzun ditzagun Arestiren hitzak:
ZORROTZAKO PORTUAN ALDARRIKA
Aleman barkua atrakatu da Zorrotzan.
Zimentua dakar, ehun kiloko sakoetan.
Bien bitartean
Anton eta Gilen zeuden
zerrarekin
tronko hura erdibitzen.
Sokarekin...
Eztago kablerik...
Bestela...
Tira eta tira,
orain Anton,
gero Gilen,
eznaiz hilen,
Gilen.
Hemen euskeraz
ta han erderaz.
Birao egiten zuten.
Okerbideak ezpaitaki mintzaerarik,
berdin tratatzen baitu
erdalduna
eta
euskalduna.
Arbolaren neurriak hartu nituen.
Antiojuak bustitzen zitzaizkidan.
(Amak gauean pentsatu zuen errekara
erori nintzela). Eta esan nuen:
Beti paratuko naiz
gizonaren alde.
Gilen.
Anton.

Pintura: L.S.Lowry

No comments:

Locations of visitors to this page