Saturday 26 April 2008

Aluminioa eta Afrika

Kondor Legioak, mila bider madarikatua, aluminioa erabili zuen bere bonba su-eragileetan Gernika suntsitzeko gaur bezalako egun batean.
G.L. Steer kazetariak, The Times egunkarian 1937ko Apirilaren 27an bidalitako telegrama batez hauxe kontazen zuen "... hiru motatako hegazkin alemanez osatutako eskuadrilla ahaltsu batek -Junker eta Heinkel bonbaketariak, Heinkel ehizakoak-gelditu gabe jaurti zituen hiri [Gernika] gainera mila librako inguruko bonbak eta, kalkulu batzuen arabera, hiru milatik gora su jaurtigai aluminiozkoak, bina librakoak..."
Kimika ahaztuz gogora dezagun istorio afrikar bat
Gernikako, Euskadi eta Espainiako triskantzen erantzuleek esperientzia zeukaten, 2003ko Apirilaren "Historia" aldizkariaren alean Mª Rosa de Madariaga eta Carlos Lázaro historialariek egindako ikerketa bikainean irakur daitekeenez.
Espainiako armadak bonba kimikoak erabilia zituen Rif-eko gerran 1925. urte inguruan. Urte horretan Melillako komandanteak ondoko txosten hau bidaltzen die bere nagusiei "...un miércoles que haga buen tiempo, acudirá mucha gente a ese Zoco confiadamente y será ocasión de causar daño...". Militarra merkatu baten bonbardaketaz hitz egiten ari da jende gainezka egonda!.
Ipar Afrikako gerra da eta Sanjurjo eta Franko jeneralek, beste askoren artean, zibilen sarraskien aurrean eduki ahal lituzketen lotsa apurrak galtzen ari dira. Altxamendu Nazionala esku sendoz zuzenduko duten liderrak forjatzen ari dira.

No comments:

Locations of visitors to this page