Monday 27 October 2008

Karlistak gaur?

Karlistak ziren 1870 inguruan trenaren kontra jotzen zutenak. Bigarren karlistadan (espainiarrentzat hirugarrena) gertatu omen zen. Ez naizenez historia-libururen irakurle amorratua, Joan Mari Irigoienen Babilonia liburu mitikoan agertzen denaz fidatzen naiz (lehen bait lehen hasi behar naiz irakurtzen Bestea da mundua nobela).
Babilonian halakoak irakur ditzakegu:
" ...Nik banekien karlista asko zegoela trenbidearen kontra baina banekien, baita ere, jende askori ematen ziola lana..."

"...Gerra bat. Nola bukatuko dugu trenarekin bestela, gerraren bidez ez bada? Hamaika fusil dago hor nonbait, lurpean ezkutaturi, mementu hori datorrenerako! "

Asteburu honetan Euskotrenaren bi geltoki saboteatu dituzte Zornotzakoa eta Berrizekoa. Bandalismoa? Ekintza politikoak? Ez naiz sartuko horretan. Ez zait interesatzen ere alderdi guztiek ekintzak gaitzetsi dituztenentz jakitea. Beste alde batetik, nonnahi entzuten dira ere AHTa gelditzeko deiadarrak... armak erabiliz beharrezkoa balitz.

XIX mendean Gipuzkoa eta Bizkaia sakonean euskal tradizioak defendatzeko mugimendu politikoak agertu ziren. Estatuaren kontra jotzen zuten armen erabilerari muzin egin gabe. Trenari boikota aldarrikatzen omen zuten. Karlistak ziren.

Karlistak gaur?

Denok ezagutzen dugun bibliotekari argentinarrak halakoa utzi zuen idatzia: “Algo que no se nombra con la palabra azar rige esas cosas”

Friday 24 October 2008

Karlistak


Karlisten ideiak (edo antzekoak) mantentzen diren egun hauetan, interesgarria da Vanity Fair aldizkariak 1876an argitaratu zuen Carlos VII erregegaiaren marrazki honi begiratzea minutu luze batez. Gero geure buruari galdetu: Morroi honengatik, besteak beste, borrokatu al zuten gure aurrekoek? Nork galdu zuen gerra hura?
Nik, bederen, ez.

Thursday 16 October 2008

Le Clézio

"Idaztea munduaren soinua entzutea da eta hau bidaiatuz lortzen da. Une honetan gure inguruan dauden bidaiari bakarrak atzerritarrak dira. Benetako bidaiari hauek beste mundu batzuk asmatzeko gaitasuna dute beste zibilizazio batzuetara eramateko"

Tuesday 14 October 2008

Aresti, Joyce eta Juaristi

Non dago Arestik itzulitako James Joyceren Ulises?
Jon Juaristik ote dauka oraindik?

Wednesday 1 October 2008

Pijama marradunaz jantzitako mutikoa eta Telesforo Monzon


Donostiako zinemaldian Pijama marradunaz jantzitako mutikoa izenburuko filma ikusteko aukera izan dugu. Bertan hesi batez banandutako bi mundu aurrez aurre jartzen dira: kanpokoa eta barrukoa. Kontzeptu hauek erlatiboak direnez gero (bestela irakurri Koldo Izagirreren Agirre zaharraren kartzelaldi berriak), non gauden adieraztea komenigarria da beti zeren kanpokook barrukoen mundua era deformatuan behatzen baitugu. Erreferentzia-sistemaren arazo madarikatua!
Zer daki Brunok Shmuelen munduaz? Lagundu ahal dionean, zergatik uko egiten dio? Zer dakigu guk presondegian daudenez?
Zer zekien Telesforo Monzonek, aristokrata gipuzkoarrak, garai hartan kartzelan geundenoi buruz edota Maji neskatilaren arrazoiaz harro egoteko?
Argazkia: Bill Brandt-ena

Locations of visitors to this page