Wednesday 5 March 2008

Maider Ziaurriz, Jose Luis Otamendi, Koldo Izagirre eta Elhuyar hiztegia

Oreka galtzen hasten denean irakurri gabe dudan liburu-pila, baten bat hartu eta irakurketari ekiten diot. Atzo bizkar gorri-beltz erakargarriko bat aukeratu nuen: Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr.Churchill? 2005ko Azaroan argitaratua.
Liburuko orrien artean fotokopia pare bat aurkitu nuen.
Batean 2005ko Abenduaren 27an Berrian agerturiko Maider Ziaurriz-en liburuaren kritika (literarioa) irakurri nuen: “..Haren prosa oso landua da, esaldiak nahierara taxutu ditu, eta hizkuntza jasoa erabili, baina euskal irakurle normalak duen gaitasunaren gainetik dago oso liburu hau, eta batzuetan zail egiten da irakurtzea, hiztegia lagun izan ezean behintzat. Eta horrek, bistan da, nekagarri egiten du..”
Bigarren fotokopian hurrengo egunean (hau azkartasuna!) eta egunkari berean Jose Luis Otamendik kritikaren kritika (literarioa?) agertu zen: "...Kritika jarduera jaso eta duintzat daukat. Hala ere, bidean ageri diren zenbait koska eta zulo tarteko, itxaropena galtzen dut boladatan. Iritzia libre da, beldurra eta beste hainbat jarrera eta sentimendu bezalaxe..." "...Astebetetsuko epean Sua nahi, Mr. Churchill? narrazio liburuari bi tarte eskaini zaizkio egunkari honetan, neuri zein zein baino iraingarriago iruditu zaizkidanak pasarte batzuetan..."

Halakoak irakurri ondoren, burura borborrean zetozkidan pentsamenduak uxatu nituen eta Elhuyar hiztegia on-line jartzea erabaki nuen, badaezpada. Eta...mila deabru! ez zuen funtzionatzen. Borobil batzuk, marra batzuk, hemen eta han agertu baina ez zebilen.
Zer egin? 3000 Hiztegia erabiltzea? Ez, mesedez! 2,250 kg-ko totxoa erabiltzea? Ez, arren! Aro digitalean gaude!
Telefonoz adituei galdetu nien berehala eta, kasu hauetan erabiltzen duten handikeriaz, azalpena eman zidaten:
Nabigatzailea da zure arazoa: IE6-z (Internet Explorer 6) funtzionatzen zizuena IE7-z (berriagoa) ez. Informatikaren eta Microsoft-en misterioak.
Erremedioa: Deskargatu Firefox nabigatzailea (adibidez hemen, debalde eta 2 minututan). Behar duzunean exekutatu (sakatu ikonoa –Lurra inguratzen duen azeria-), sartu betiko Elhuyar hiztegiaren orrialdean eta kito.

Prest nago. Horra noa Sua nahi, Mr. Churchil?!

No comments:

Locations of visitors to this page